Euskal Idazleen Elkarteak (EIEk) adierazpen bikoitza egin du gaur. Batetik, Kalegats eta Hegats aldizkarien azken aleak aurkeztu ditu, eta bestetik Galeusca Federazioaren Manifestua irakurri.
Aurkezpenean, Fito Rodriguez (EIEko lehendakaria) eta Jerardo Elortza (lehendakari ordea) izan dira, eta Jose Angel Irigarai eta Migel Angel Unanua.
Kalegats
Kalegats berezia izan da oraingoa, EIEren 25. urteurrena betetzen baita. Aldizkariaren 14. alea da, eta azaleko kolore urdinetik bertatik da ezohikoa. Kalegatsen, EIEko egunerokoari buruzko iritziak argitaratzen dira eta, Fito Rodriguezek azpimarratu duen bezala, EIEk 25 urte daramatza euskal idazleen eskubide moral eta profesionalak babesten: horixe da ale horrek nabarmentzen duena.
Hegats
Hegats aldizkariaren 41. alea ere aurkeztu da. Txosten monografikoa da oraingoan, eta Cesare Pavese poeta italiarraren lanak ditu oinarri. Jose Angel Irigarai, Miguel Angel Unanue eta Xabier Lete aritu dira azterketa horretan.
Jose Angel Irigarairen lanaren izenburua hauxe da: “Cesare Pavese. Bizitza eta literaturaren mugan”. Pavesek XX. mendean izan duen garrantziaz mintzatu da Irigarai: “Bizirik dagoen idazlea da Pavese” esan du, eta “Euskal Herrian oso irakurria izan da”. 40ko hamarkadan gurean oihartzun eskasa izan bazuen ere, Irigaraik gogorarazi du 80ko hamarkadan oso nabarmena izan dela Paveseren eragina euskal kulturan. Horren adibide, eta bitxikeria gisa, Irigaraik aipatu du Paveseren zenbait poema 3, 4 eta 5 aldiz ere itzuli direla euskarara azken urteetan. Poetaren biografia aztertu ondoren, haren lan guztien erreferentzia ere eman du Irigaraik bere txostenean.
Ondoren, Xabier Letek idazten du Hegats-en, Paveseri buruzko gogoeta bat emanez.
Hegats aldizkariko hirugarren lana Miguel Angel Unanuari dagokio. Unanuek poetaren azken lanak itzuli ditu, eta aldizkarian euskaraz eta italieraz azaltzen dira poemak.
Unanuak berak esan duenez, “kasualitatez” ezagutu zuen Pavese: haren poesia bat irakurri eta hunkiturik geratu zen. Irakurritako poeman bi kontuk eman zioten atentzioa: sentitu zuen hurbiltasuna eta Mediterraneoa. Unanuaren ustez, baliteke Pavesek Mediterraneo itsasoarekiko duen lotura euskaldunek Kantauri itsasoarekiko dutenaren antzekoa izatea, eta horrexegatik sentitzea halako gertutasuna. Hortik abiatuta, Unanuaren asmoa izan da Paveseren unibertso poetikoa irakurleari hurbiltzea. Pavesek poesiari buruzko gogoetak egin zituen, eta poesia sortzaile ere izan zen. Hortaz, bi ikuspegitatik landu zuen poesia. “Lan ebokatiboa egin nahi nuen, horrela hurbildu nahi nuen Paveseren poesiara”, esan du Unanuak.
Galeusca Federazioaren Manifestua, hizkuntzen alde
Azkenekoz, Galeusca Federazioaren Manifestua irakurri dute Jerardo Elortzak eta Fito Rodriguezek. Elortzak euskaraz irakurri du eta Fitok gazteleraz, “gazteleraz ere badakigula adierazteko”, azpimarratu du EIEko lehendakariak.
Hona hemen Manifestua:
“Manifiesto por la lengua común” izeneko adierazpenaren azpian, gurari homogeneotzaile eta zentralistadun diskurtsoa dagoenez, Gaeluscako idazle elkarteen federazioak, argi eta garbi jasota utzi nahi du ondorengoa:
1. Espainiako Estatua eratu eta izaera ematen dion errealitate eleanitzak, berez “asimetria” edo akats moduan ulertua izatetik urrun, Europa eleanitza eratzen duten estaturik gehienetan komuna den hizkuntza eta kultura aniztasuna era gardenean berregiten du.
2. Galiziera, euskara eta katalana, ez dira duela gutxi egindako “asmakizunak”, beren hurrenez hurreneko lurralde eta gizarteetan ehunka urtetan zehar normalak izan ziren hizkuntzak baizik. Hizkuntza horiek desnormalizatzea eta beren erabilpen publikoa galtzea ez zen gertatu era “naturalean”, aldez aurretik inolako galdeketarik eta akordiorik egin gabe noski estatuko hizkuntza ofizial legez dekretu bidez ezarritako hizkuntzaren inbasioz baizik.
3. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak bermatu egiten du hizkuntza komun horren presentzia estatuko biztanle guztientzat, hiritar guztiei gaztelera ezagutu beharra inposatuta. Galizia, Hego Euskadi eta Kataluniako hiritar guztiek jasaten dute praktikan inposatze hori, izan ere, ez baitago pertsonarik gazteleraz gaitasun ona ez duenik, hizkuntza hori bere lehen hizkuntza edo bigarren hizkuntza den kontuan hartu gabe eta “inposatze” kontzeptuak hiztunentzat ez du laido negatiborik.
4. Galiziera, euskara eta katalana halaber hizkuntza ofizialak dira beren lurraldeetan, hau da, Espainiako Estatuko %40 ingururen berariazko hizkuntzak dira. Gaztelaniarekiko desberdinak diren hizkuntza kode horiek, zilegitasun osokoak dira eta bakoitzak bere herriaren eta kulturaren ibilbidea eta adierazpidea aitortzen ditu eta komunikazio tresna “demokratikoak” dira, pertsonen arteko harremanetarako erreminta erabilgarriak eta eusten dieten gizarteentzako beharrezkoak.
5. Norbere hizkuntza toki guztietan publikoki erabiltzeko eskubidea, munduko legeria demokratiko guztietan aitortuta dago. Europako esparruan Eskualdeko Hizkuntza edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta gogoratu behar da (Espainiako Estatuak onetsi eta berretsia) edota Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Espainiako Diputatuen Kongresuak aho batez onetsia.
6. Adierazpen horretatik ateratzen den Espainiako eleaniztasun aberasgarriaren ikuspegi deuseztatzaileak, frankismoaren garaiko tesiekin duen kidetasunaz pentsarazten du, hots: Estatu bat, hizkuntza bat eta, horren ondorioz, hizkuntza arrazoiengatik hiritarrak lehen mailakoetan eta bigarrenekoetan bereizteko planteamendua sendotzea. Hizkuntza ofizial bakarra duten autonomia erkidegoetan jaiotako espainiar hiritarrentzat ere, eleaniztasunerako gaitasuna beti izango da mundua irekiko dien giltza, besteekiko errespetuaren mugak irekiko dizkien giltza, gizakien arteko berdintasunezko harremana ulertzeko, jaio diren tokia, bizi direna edota duten lehen hizkuntza edozein izanik ere.
7. Hizkuntzen ikasketa, norberarena ikasteaz gainera, beti ere era baikorrean eta norbanakoen aberastasun sinonimotzat ulertu behar da, izan ere, ikasketa eleanitzak, pertsonak beren adierazpenetan eta ezagupenetan kitzikatzea baino ez baitu lortzen. Galizia, Euskadi eta Kataluniaren kasuan ezinbestekoa da herritarrek bi hizkuntza ofizialetan gaitasuna izatea, gero, bakoitzak, esparru eta egoera desberdinetan bata ala bestea erabiltzea libreki erabaki dezan. Hau da, behar beharrezkoa da gaitasun bikoitza hizkuntza askatasuna bermatu ahal izateko.
8. Hizkuntzen erabilpen libre hori bermatzeko, hizkuntza politika egokia egitetik ondorioztatutako neurriak behar dira. Bestela esanda, katalana, euskara eta galiziera hitz egiten ditugunok ere geureak ditugun eskubideak bermatzeko, eskubide horiek gauzatzeko baldintzak sortuko dituzten hizkuntza politikak behar dira, Auzitegi Konstituzionalak 337/1994 epaia eman zuenean adierazi zuen moduan: “tratu desberdina, ez baztertzailea, abalatuz bi hizkuntza ofizialentzat, bietako baten berariazko eginkizunaren arabera, beharrezko egiten baitu beretzako jarduera normalizatzailea gauzatzea eta horretarako babes bereziko egintzak berarentzat izan behar baititu derrigorrez.”
9. Erkidego elebidun deiturikoetan hezkuntza esparruan aplikatutako hizkuntza politikek, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan gaitasun ona lortzea dute helburutzat, beren familia hizkuntza zein den kontuan hartu gabe. Helburu hori lortzeko, behar beharrezkoa da baliagarriak diren hizkuntza plangintzak burutzea eta, politika horiek noski, gizartean desabantailarik handiena duen hizkuntza tresna moduan gehiengoak erabiltzetik igaro behar dute. Hori noski, hizkuntza askatasunaren aurka joan ordez, ezinbesteko jarduera da hizkuntza askatasun hori bermatzeko.
10. Idazle galiziar, euskaldun eta katalanok, geure hizkuntzetan idazten jarraitzeko eta hizkuntza horien normalkuntza prozesu amaitu gabea burutzen laguntzeko dugun gogoa ALDARRIKATZEN DUGU, izan ere, giza eskubide demokratiko eta baketsu denez, horri ez baitiogu uko egingo. Geure indar guztiz gaitzesten ditugu geure kide diren espainiar idazleek geure hizkuntzekiko egiten dizkiguten BAZTERTZE-AHALEGINAK eta deitoratu egiten dugu, espainierak Puerto Ricon, Costa Rican edo AEBetan duen osasunaz kezkatu ordez, hurbilen eta asimetrikoki baztertuak dituztenen aurka borrokatzen ibiltzea.
Haragizkoa irailaren 10ean, Donostian
gehiago irakurriSidecar Arima irailaren 9an, Donostian
gehiago irakurriLiburu azoka Baionan irailaren 19an
gehiago irakurriBeatrice Urruspil, Sautrelan
Xabier Amurizaren hiztegi berria Faktoria saioan
'20 mila hitz falta zaizkie euskarazko hiztegiei' - EiTB Radio Euskadi irratia