Joxe Anton Artze Agirre > Hemeroteka
Susa
2002-03-02 Naturaren aldarria | Fito Rodriguez
Naturaren aldarria
Fito Rodriguez
"Oihana auhenka"
JosAnton Artze
Jazzle, 2001
JosAnton Artze Hartzut dugu Zirrara sailean Jazzlek argitaraturiko liburuaren sinatzailea, baina ezinezkoa suertatzen da liburua bere bakardadean hartzea, hau da, berarekin batera eskuratzen diren diskoa eta ezpala kontuan hartu gabe eta, jakina, haien guztien jatorrian egon zen Plaza performancean parte hartu zuten eragileak ahazturik.
Asko eta asko dira, beraz, "Oihana Auhenka" posible egin dutenak, eta zerrenda-gaiak badira ene, ezin izango dugu orain haien berri eman behar adina toki ez daukagulako, alde batetik, baina, funtsean, ekoiztutakoa delako gaur eta hemen jorratzekoa. Eta bereziki, horren bidez luzatzen zaigun arte proposamena, alegia.
Heidegger-ek, artearen ontologiaz aritu zenean, natura eta teknika kontrajarri zituen. Bere aburuz, egungo mundu teknikoak gardentasuna behar du. Hegelen ikuspegitik begiratuta ere, kontzeptuen argitasunak erakutsi behar du egia.
Artea, berriz, ez da argia izaten. Egiaren alde desberdinak erakusteko gaitasuna badu ere, ez omen du egia bere osotasunean erakutsiko. Ez baita guztiz gardena. Ez da kontzeptu soila. Horregatik galdetzen zuen Heideggerrek egungo zibilizazio tekniko honetan arte egiterik ba ote dagoen...
Horren aurrean, "Oihana Auhenka"ren erantzuna naturaren aldarrian aurkitzen da. Benezkotasunaren egitatean. Hauxe dugu, eta ez besterik, bere ekarpena. Hau da, gaur egun arte egiterik baldin badago, hautsi beharra dago Faustoren izpiritu erromantikoaren hedapena eta, aitzitik, ekintza egin beharrean, egitatearen bidez lan egin.
Artea, zentzu klasikoan bederen, "aletheia" dugu. Erakusketa partziala. Gauzak edo egoerak, edota sentimenduak ere, ikusarazteko talaia fenomenikoa. Ikuskera hori ezin da kontzeptuak ematen duenarekin alderatu. Artearen eragina ez da egintza bati dagokiona, ezta gertakizunak duen edukiarekin batera uler daitekeena ere. Arteak ikusmirak aurkitu eta eskaini egiten ditu.
Hau da "Oihana Auhenka"n aurkitzerik dagoena. Naturaren ikuspegiak ematerik duen sosegua. Gaurko bizitza prometeikoan nekez topatzerik dagoen gozatzeko giro barea.
Egun, ahalkerik gabeko tenorean, ekintzen garaian, patxada naturalista eskuratzen da "Oihana Auhenka"ren liburuan, diskoarekin... baita eskuz eta bereizirik hartzen dugun ezpalean idatzitako olerki xumeekin ene.
Gara, 2002-03-02