Data: 2011-09-16
Pirinioak, muga ala mugak?
Joxemari Carrere
2011ko irailean
Pirinioak muga luze gisa hartu izan da beti. Estatuak, herrialdeak eta jendeak banatzen duen mendilerro handia. Pirinioak zeharkatzea garaipen gisa hartu izan da batzuetan, bestetan askatasunerako abentura, baita ere legez kanpoko komertziorako aukera. Muga batek bi eremu ezberdin banatzen omen ditu. Mugak, hala ere aldakorrak izan dira gizateriaren historian. Lurralde bat non hasi eta bestea non amaitzeko marka nabarmena. Mugarik ezarri al daiteke, ordea mendi zabalean? Muga bakarra ote? Zenbat muga altxatzen dira geure bizitzaren jitean? Gogoeta bide hori proposatu zuten 2Penents- Encontres Literaris Jardunaldietan: Muga bat ala Mugak?. Paueko Herriko Etxean Lignières Cassouk auzapeza andreak egiten die harrera Pirinioetako bi aldetako hizkuntzetan aritzen diren idazleei. Nafarroako Henry III erregearen irudiak begiratzen du dena (geroago Frantziako errege izandakoa esaldi ospetsua esanda: “Parisek ongi merezi du meza bat”, protestantismotik katolizismora aldatuz). Hedabideak ekitaldiaren berri ematera heldu dira. Eta mahairen bueltan okzitanieraz, katalanez, aragonesez, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez idazten duten idazleak daude. Sèrgi Javaloyés topaketen zuzendariak bearnesez egiten du agurra eta bere ondoren Ander Iturriozek, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, euskaraz zuzentzen zaie bildutakoei, Piarres Antziart idazle baxenafarrak frantsesera ekarriz bere hitzak. Ondoren, bazkaltzera joan aurretik, Bearn-en ekoizten den ardo zuriekin pintxoek elkar agurrak erraztuko dituzte. Bigarren urtez Pau hirian Pirinioetako bi aldetako idazleak elkartu dira euren lanak agertzeko eta elkarrekin aritzeko. 2010 urtean gaia “Pirinioak” izan bazen, aurtengo lema “Muga bat ala mugak?” izan zen abiapuntua. Hiriko areto eta kafetegi ezberdinetan mendi lerroaren bi aldetan mintzatzen diren hizkuntzetako hainbat idazle elkartu ziren, hizkuntza horietako literaturen ordezkari. Hamahiru idazle izan dira gonbidatuak edizio honetara: Okzitanieraz idazten duten, Sarà Laurens, Aurélia Lassaque Joan Loís Lavit eta Joan Claudi Forêt; Jaume Pont katalana; Patxi Zubizarreta eta Joxemari Carrere euskaldunak; Aragoitik Francho Nagore Laín aragoierazko idazlea eta Ángel Guinda, gaztelerazko idazlea; frantsezez idazten duten Claude Chambard, Denis Montebello eta Jean-Paul Basly. Mahai inguruen zuzentzaile berriz Philippe- Jean Catinchi, frantsez idazlea eta Le Monde egunkariko literatur kritikaria. Guztiak proposatutako gaiaren gaineko gogoetak euren literatur lan zein ikuspegien galbahetik eskaintzeko prest. In’Oc-Akitaniako Okzitariera Institutua- eta Accents du Sud erakundeen eskutik antolatutako topaketak Hestiv'Òc jaialdiaren hasiera gisa pentsatuak ziren. “Aspaldiko ideia nuen Pirinioetan dauden mintzairetako idazleak elkartzea” –kontatzen digu Sèrgi Javaloyés-ek topaketen zuzendariak-. Hogei urtetik gora bada proposatu nuela, baina ez zen aurrera atera. Joan den urtean Hestiv’Òc jaialdiko zuzendariak proposatu zidanean jaialdiaren atari gisa hizkuntzen gaineko aspaldiko egitasmo hau berreskuratu nuen”. Sèrgik arras ongi daki zer den hizkuntzen arteko elkarbizitza, bera Oran-en (Argelia) hazi baitzen, bere auzoan dozena erditik gora hizkuntza mintzatzen zirelarik. Bizipen horietan oinarrituta “L’Òra de partir” liburua idatzi zuen. Horregatik elkar ezagutza denen onerako bidea irizten dio. “Pau mugako hiria da; Pirinioetako magalean, biarnesa eta frantsesa mintzatzen dira, baina harremanak ditu euskaldunekin eta aragonesekin, eta jakina, katalanekin ere”. Topaketa hauek antolatzeko garaian harrera ona izan dute instituzioen aldetik zein hedabideetan, horrek okzitanieraren normalizaziorako zein onarpenerako bidean lagungarria delarik. Halako topaketak, bere ustez, hizkuntza ezberdinetako idazleen arteko harremanak eta ezagutza hobetzeko tresna gisa ikusten ditu. Eta ez dabil oker. Lehenengo egun honetako arratsaldean Patxi Zubizarreta Jaume Pont katalan poetarekin eta Jean Paul Basly frantziar idazlearekin muga kontzeptuaren gainean Batalis Literari batean aritzen dira. Pontek, guztion mugaz gaindikoak garela aldarrikatu zuen, idazleetatik hasita. Zubizarretak Joan bere eleberria hartu du ardatz hizketaldirako, liburuarekin datorren bideo muntaia erabiliz. Idazleak arbasoen jakituria, ahotsa transmititzearen garrantziaz ohartarazi zuen. Geroago ostatu batean irakurketa literarioak eginen dituzte Claude Chambard frantziarra, Jean Claude Forêt okzitaniarra eta Joxemari Carrere euskalduna. Eta hainbeste kalaken ostean zintzurra bustitzeko tenorea heldu da. Inguru horietan ekoizten den ardo zuria dastatzeko aukera izango da, eta non upategi batean baino. Topaketen bigarren eguna da eta Café de l’Europe-ko kanpoaldeko mahai batean Francho Nagorerekin mintzatzen gara barruan hainbat idazlek euren liburuak erakutsi eta sinatzen dituzten artean. Gure ondotik Madrilerako bidean doazen kristauen manifa bat pasatzen da. Italiarrak dira eta kantari doaz Ama Birjinaren erretratu baten atzetik. Gertu gaude, baina muga ikusezinak banatzen gaitu. Francho Nagore amorrutan jartzen da gogoratuz nola Topaketen antolatzaileek aragoierazko idazleengatik galdezka Aragoiko gobernura deitu zutenean, erantzun zieten han ez zutela bakar bat ere ezagutzen. “Neronek hogeitik gora bota ditzaket buruz oraintxe bertan”, diotso begiak piztuta. Aragoin hiru hizkuntza mintzatzen dira, gaztelera, katalana eta aragonesa. Aurreneko biak, jakina, aski ezagunak dira, hirugarrena, berriz, badenik ere ez daki jende gehienak. Ofizialtasunaren onarpen ezak, berez arrunt txikia den hizkuntza batek izan ditzakeen arazoak areagotu egiten ditu. Filologia erromanikoan doktorea da Nagore eta irakasle Zaragozako unibertsitateko Huescako campusean. 1977 urtean “Gramática de la lengua aragonesa” argitaratu zuen eta hizkuntza aragonesaren berpizkundearen arduradunetako bat da. Hizkuntza ikerketaz gain poesia ere idazten du, baina batez ere bere hizkuntza eta kulturaren defendatzaile sutsua dugu. “Transmisioaren eten bat izan da eta familietan hori indartzeko ahaleginetan ari gara. Irakaskuntzari dagokionez badago asko egiteko, bost irakasle baino ez baitaude ordubete astean aragonesa irakasteko”. Literaturari dagokionez ordea hobeto omen daude bere iritziz. “Urtean 15-20 bat liburu argitaratzen dira. Idazleak eta editorialak baditugu, erosleak ere. Monzonen egiten den liburu azokak ere garrantzia handia hartzen ari da”. Francho deitzen dute telebistarako elkarrizketa bat egiteko eta pentsatzeko astia ematen du berak kontatutakoa, izan ere, euskaldunok berak azaldutako egoeratik egin ditugun urratsak ez baitira makalak. Egiteko asko dago baina gure literaturak ia ezer ez izatetik izatera egin duen bideaz ohartarazteko gu baino okerrago daudenekin mintzatzean ohartzea besterik ez dago. Edalontzia erdi hutsik ikusteko ohitura dugunok, edalontzirik ere ia ez dutenak ikusteak zerbait behintzat ongi egin dugula pentsa arazi beharko liguke. Upategira egindako bueltan eta ardo sorta batzuen artean Aurélia Lassaquerekin antzerkiaren gainean aritzen gara. Poesia eta plastikaren arteko harremanak lantzen ditu bere lanetan. Bere poemak hainbat hizkuntzetara itzuliak dira, baina antzerkia ere bere hizkuntza zein literatur kezken barnean sartzen da. Antzerkia genero literario bitxia da, irakurtzeko baino ikusteko eta entzuteko idazten baita. Eta hizkuntz txikietan beste balore garrantzitsua hartzen du, alegia, hizkuntz hori sozializatzeko tresna literarioa. Euskaldunen artean alfabetatzeko bidea izan da ere, baita ere idazleen lanak zabaltze handiago izateko irakurketaren bitartez baino. Baliabide literario zein kultural garrantzitsua dugu antzerkia. Auréliak ondo ezagutzen du okzitanieraz egiten den antzerkia. “Antzerkia egiten da, tamalez askotan zirkulu txikietan mugitzen da. Badira talde profesional batzuk elebitan aritzen direnak, baina dramaturgo handiak beharko genituzke, badago antzerkirako idazten duenik, baina gure mugak gaindituko dituzten lanak behar ditugu”. Orduan aipatzen du Max Rouquette, antzerki okzitaniarrak, segur aski, eman duen dramaturgorik garrantzitsuena. Antzezlanik ezagunena, hainbat hizkuntzetan emana “Medée” da. Egile handia okzitaniera hizkuntzan zein literaturan ezinbesteko erreferentzia. Muga bat ala muga ugari, nolakoak diren baino, agian garrantzitsuena izango da horiek nola igaro. Hizkuntza minorizatuen literaturek elkar ezagutza dute, kontrabandisten gisa, mugak zeharkatzeko bidea. Jakin nola garatzen ari diren, zein errealitateari egin behar diogun aurre, esperientziak trukatu, informazioa. “Gero eta gazte gehiago ari da okzitanieraz idazten -kontatzen digu Nimes-en sortu eta Marseillan bizi den Sarà Laurens idazleak. Aldizkariak daude, editorialak eta baliabideak ere. Nerabeentzat literatur bilduma bat ateratzekotan dago, egiten ari den literaturaren aniztasunaren seinale gisa”. Finean guztiok antzeko bidetan gaude, gure hizkuntzetan literatura garatzen eta jendartean zabaltzen. Batzuk azkarrago, beste batzuk motelago. Batzuk laguntza gehiagorekin, bestetzuk oraindik kondenatutako inexistentziatik irteteko ahalegin handiak egiten. “Elkartzearen beharra dugu beste hizkuntzetan zertan ari diren ezagutzeko”, diosku Laurens-ek. Topaketak amaitu dira, baina segidan Hesti’oc jaialdiari ematen zaio hasiera. Aukera ederra Bearn aldeko okzitaniarren kultura ezagutzeko. Gauean jende gazte ugari, Calandretetako lagunak euren txoznan dirua biltzen haurrek eskolak euren hizkuntzan jaso ahal izan zezaten. Plazan musika eta jendea dantzari. Literatura eta festa elkarturik. Izan ere, hizkuntz minorizatuen literaturak biziraun nahi duten jendartearen barnean eta barnetik bizitzea dute aukera bakarra. Azkeneko tragoak La tor deu Borrèu biltokian. Ardo zuria, kantak, txartelak nonahi, Aurore Martinen aldeko aldarria. Okzitania buru eta bihotzean. Baina hori beste istorio bat da. Edo ez.
iametza interaktiboak garatuta