Aldi honetan isiltasun osoa nabari da euskal literaturan. Bertakoek gerraren ondorioz bizi duten zentsura hertsia eta egoera txarra isil-abarrean pasako da hegoaldean, eta kanpora joandakoek sentitzen duten herrimina izango da poliki-poliki argitaratzen diren lanen gai nagusiak. Aldi honetan bi literatur genero nagusitzen dira: poesia eta narratiba.
Lehen literatur lanak Mexiko, Guatemala eta iparraldeko herrietan argitaratuak ditugu. Bi autore aipa litezke aldi honetan: T. Monzon eta J. Zaitegi.
Narratiban ere Euskal Herriaren egoera eta herrimina dira gai nagusiak. Kontakizunek euskal nobelak bere hasieretan jorratutako bidea jarraitzen dute; hau da, eduki folkloriko, erromantiko, idealista, kristau eta euskaltzalez kutsaturiko ohitura-nobelaren eredua.
Jainkoaren lurraldea den Euskal Herria islatzen du: aberria, euskara eta euskal izaera babesteko idazten da. Balore guztiok familiaren elkartasunean eta baserri giroan gordetzen dira. Eleberri hauek egitura bakuna dute, kapitulu borobilak eta linealki antolatuak.
Garai honetako eleberrigintzan bi idazle dira aipagarri: J.A Irazusta eta J. Eizagirre.