Edukiagatik “existentziala” deitzen den nobela motari ematen zaio hasiera eta hautsi egiten da ohitura-nobelaren moldearekin. Kontakizuna, gorabehera etengabean murgildurik eta historian zehar garatuz doazen pertsonaia konplexuen bidez adierazten diren barrunbeko korapilo, zalantza eta larriminek osatzen dute. Mugimendu honetan, narratiba landu duten autoreen artean, honako hauek dira aipagarri: Txillardegi eta E. Erkiaga.
Hala ere, badira hainbat autorek idatzitako kontakizun autobiografikoak ere. Kontakizun autobiografiko edo herrikoi hauek egitura laua, herrikoia eta freskoa dute. Bertako protagonistak bizitutako pasadizoak, topatutako pertsonak, ikusitako parajeak eta sumatutako sentipenak aurkezten dituzte, historia doinu apalez eta errealez jantzirik. Lanik aipagarrienak S. Salaberria, S. Irizar, Ataño, I. Alkain eta A. Zabalaren lanak dira.
Estilo ezberdineko poetak aurkitzen ditugu garai honetan:
Saiakeran, K. Mitxelenak Egan aldizkarian argitaratutako artikuluak dira aipagarri: Euskal literaturaren etorkizuna (1951), Asaba Zaharren baratza (1960) eta Prodomo (1970, besteak beste. Aipatu artikuluok, Mitxelenaren Idazlan hautatuak (1972) liburuan jasota daude.
Aldizkariei dagokienez, garai honetakoak dira Olerti (1959) eta Igela (1962-1963) aldizkariak. Olerti aldizkarian poema sorta eta poesiari buruzko iruzkinak eskaintzen ziren. Igela aldizkaria Jon Mirande eta Txomin Peillenek zabaldu zuten. Aldizkari honek, garaiko tabu eta topikoekin hautsi nahi izan zuen: kultura puritano eta itxuratia, inguruko triunfalkeria… eta alderdi politiko ezkertiar eta eskubitarren fanatismoa ironiaz eta umore zirikatzailez satirizatu zuen.