Hugoenea, Idazlearen etxea

Euskal Idazleen Elkartea aspaldidanik ari zen Idazlearen Etxea izan zitekeenari buruz hausnarketan. Idazlearen Etxea, idazleen aterpea. Pasaiako Udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker, berriki lortu du EIEk Idazlearen Etxea proiektua gauzatzea.
Idazlearen Etxean, euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntza batean idazten duten idazleek hartu ahal izango dute aterpe. Eta, Fito Rodriguez EIEko lehendakariak dioenez “ez da arrazoi ideologikoengatik-edo ihesean dabiltzan idazleei aterpe emateko sortu den etxe bat”. Horrelakoak badira munduan zehar, baina ez “sorkuntza bera sustatzeko pentsatua den etxerik”.
Hori izango da Hugoenea Idazlearen Etxea, eremu urriko hizkuntzetako literatura sorkuntza sustatuko duen etxea. Victor Hugoren omenez hartu du izen hori, hark zioenez “idazleak idazten lan egin behar du, testu on bat ez du soilik inspirazioak sortzen”. Idazleak lan egiteko etxe bat izango da beraz, Hugoenea.
Lan hori egiteko baliabideak, Pasaiako Udalak jarri ditu EIEren eta idazleen eskura; etxea bera eta idazleek lanerako behar dituzten bitartekoa, hala nola, ordenagailua, interneteko lotura, inprimagailua eta papera, eta hiztegi eta kontsulta liburuak.