Euskal Idazleen Elkartea

Miren Agur Meabe Plaza

Miren Agur Meabe Plaza

Biografia - Kurrikuluma

Lekeitio, 1962.

Irakasle Eskolan ikasi zuen, Giza Zientzien espezialitatea lortu zuelarik, eta Euskal Filologiako lizentziatua ere bada. Irakasle bezala aritu zen zenbait urtez Bilboko ikastola batean (Kirikiño). Argitalpen zuzendaritzan eta kudeaketan lan egiten du, 1990 urteaz geroztik, Giltza-Edebé taldea argitaletxean.

1986. urtean Uneka... Gaba (Labayru) narrazio liburua eman zuen argitara. 1990ean Lasarteko Udalaren poesia saria irabazi zuen. Horretaz gain, beste literatur sari batzuk jaso ditu:
-Imajina ezazu Euskadi saria (1997) Ohar orokorrak poesia liburuari esker;
-2001. urteko Kritika saria, Azalaren kodea olerki lanari esker;
- 2002ko eta 2006ko Euskadi sariak (Gazte Literatura alorrean), Itsaslabarreko etxeari eta Urtebete itsasargiani esker, hurrenez hurren. Urtebete itsasargian, gainera, IBBYren ohorezko zerrendan sartzea proposatu dute.
-2007an, Lauaxeta saria eman zioten, bere ibilbide literario eta profesionala nabarmendu nahian.

Era guztietako literatur generoak landu ditu: ipuina, poesia, iritzi-artikulua, itzulpena, haur eta gazte literatura. Bere lanetako batzuk beste hizkuntza batzuetara itzuli dituzte, baita braillean jarri ere.

2000. urtean Txalaparta argitaletxearen Gutiziak argitalpena koordinatu zuen: hogei euskal emakume idazleen lanak jasotzen zituen liburua.

Azalaren kodea liburuak, non maitasun eta sexualitatearen gaineko poemak dastatu daitezkeen, iruzkin ugari jaso ditu. Hona hemen Iratxe Gutierrezek Idatz & Mintz aldizkarian argitaratutakoa.

Hainbat literatur jardunalditan parte hartu du, hala nola, 2003ko Dublin Festival Writters delakoan, 2005eko VIII. Nazioarteko Emakume Poeten Kongresua (Gasteiz) edo Vilenjcako Literatur Jaialdian (Slovenia), 2006an. Baita Edinburgeko Jaialdian (2007), Vienako Cervantes Institutuan edota Estatu Batuetako Santa Barbarako eta Renoko Basques Studies Centres-etan ere.

2006. urteaz geroztik Euskaltzaindiko urgazlea da.

© Euskal Idazleen Elkartea · Zemoria kalea, 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa) · Tel.: 943 27 69 99 · Fax: 943 27 72 88 · eie@idazleak.org