Euskal Idazleen Elkartea

Jose Anjel Muñoz Otaegi

Biografia - Kurrikuluma

Donostia, 1957.

Lizentziatua da Arte Garaikidearen Historian. Bizibidez gidoilari eta zinemagile, artikulugintzagatik da ezagunago: marrazkigintza eta irudigintza jorratu izan ditu.

Oh Euzkadi!n eman zituen argitara lehen sorkuntzak. 1984. urtean, Hordago argitaletxeak Parentesiak (etabar) poema liburua kaleratu zion. Geroago, Susak Begien bizkar eman zuen lau haizetara. Era berean, XX. Mendeko poesia kaierak bilduma bat eskaini zion.

Koldo Izagirreren esanetan, "Joxean Muñozen lana gure poesian egin den saiorik pertsonalenetakoa dugu. Parentesiak du izena urteetan liburu ahantzien artean egon den bere bilduma bakarrak, baina ez ordea aholkuz edo esplikazioz betea datorrelako. Muñozen parentesiak posibilitate berrien aukera dira, testuaren bestelako interpretazio baterako iradokizunak, ez autore orojakilearen deiak...".

Ikus-entzunezkoen alorrean, Tortolika eta tron-bon eta Karramarro uhartea marrazki bizidunen luzemetraiaren gidoian eta zuzendaritzan hartu zuen parte, Txabi Basterretxearekin batera.

Honez gainera, zenbait erakusketen komisario izan da: Komikiak (Antton Olariagaren marrazkien gainekoa), Liburutegien hilketa (Gabriel Celayaren obrari buruz) eta Atarian, Donostia zuela ardatz.

Haur literaturan sustraitutako liburuak kaleratu ditu: Inazio Mujika Iraola eta Joxean Lopetegirekin elkarlanean azkenak: Akeita gol (Ttarttalo-Irusoin), Balearekin kantuan (Ttarttalo-Irusoin), besteak beste.

Antton Olariaga, Ivan Zulueta, Isabel Azkarate, Jose Mari Zabala, Gabriel Celaya, Nestor Basterretxea eta Jon Zabalo Txikik landutako erakusketak diseinatu ditu.

Tabako Fabrika-Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroaren (CICC) zuzendari nagusia izendatu zuten 2006an.

© Euskal Idazleen Elkartea · Zemoria kalea, 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa) · Tel.: 943 27 69 99 · Fax: 943 27 72 88 · eie@idazleak.org