Euskal Idazleen Elkartea

Jasone Osoro Igartua

Jasone Osoro Igartua

Biografia - Kurrikuluma

Elgoibar, 1971.

Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta Bartzelonan Zine Gidoigintzari buruzko gradu-ostekoa egin zuen. Elgoibarko Barren astekarian egin zituen kazetari lanak bost urtez.

Telebistan aritu izan da aurkezle, erredaktore eta gidoilari lanak egiten: Bai zera, Sorginen Laratza, Hasiberriak, Kuxkuxeroak eta Goenkale programetan egin izan du lan. Honez gain, Wazemank saioan gidoigile lanak egiten ditu.

Telebistari buruzko Asteon aldizkariko zuzendaria izan zen.

Zutabegile lanetan dihardu hedabideetan eta hainbat aldizkaritan kolaboratu du, ipuinak idatziz: Euskaldunon Egunkaria, Aizu eta HABE aldizkarietan, Euskadi Irratian...

Hiru ipuin bildumatan hartu du parte: Gutiziak (Txalaparta); Euskal idazleen ipuin erotikoak (Txalaparta); eta, azkenik, Bakarrizketak (Alberdania).

Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria jaso zuen Tentazioak liburuagatik, Igartza bekaren akzesita Korapiloak lana idazteko, eta Zilarrezko Euskadi saria, Donostiako Liburu Azokan, Korapiloak liburuagatik.

1999. urtean Igartza Bekarako akzesit bat lortu zuen. Beka horri esker, Korapiloak narrazio laburren eta poesien liburua argitaratu ahal izan zuen. Lan honek Zilarrezko Euskadi Sariarekin saritua izatea ekarri zion. Liburuaren hastapenean, gizon batek bere emaztegaia bahitu, bortxatu eta hil egiten du. Emakumearen narrazioak, bahituta dagoen artean, agertzen dira liburuan. Heriotza, pasioak, amodioa, gorrotoa eta sexua nagusi dira korapilatuz doan historia honetan.

Ana Urkizak Euskaldunon Egunkaria-n idatzitako iruzkinean "Ipuinen zein poemen tituluak laburrak eta hotzak dira: erakargarriak oso. Bihurgunerik gabeko istorioak kontatzen dizkigu Osorok, egilearen estiloa bera bezalakoak", hitzekin azpimarratzen du Osororen idazkeraren nondik norakoa.

Greta kaleratu zuen Elkar-en eskutik 2003. urtean eta bi urte geroago Jara, bikiak eta bikoteak (Zubia 2005).

© Euskal Idazleen Elkartea · Zemoria kalea, 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa) · Tel.: 943 27 69 99 · Fax: 943 27 72 88 · eie@idazleak.org