Ondarroa, 1970.
Euskal Filologia ikasketak burutu ondoren, Literatura Konparatua ikastaroa egin zuen Italian. Itzultzaile, interprete eta gidoilari gisa aritu da, ETBko Sautrela literatura saioan besteak beste.
1990 urtean Le blist bilduma kaleratu zuen Josu Aranbarri marrazkilariarekin batera. Le blist proiektuak 1987 eta 1990 urteen artean sorturiko poemak eta komiki expresionistak biltzen ziren bertan.
Bi aldiz jaso du Becerro de Bengoa saiakera-saria. Lehena, 1995ean eman zioten Jon Elordirekin batera idatzi zuen Lizardi eta erotismoa saiakeragatik. Bigarrena, 2000 urtean Zazpi saio, zazpi leiho lanarengatik.
Entseguak, ipuinak, poemak eta komikiak atera ditu han-hemenka eta hainbat letra idatzi musika taldeentzako: Mikel Urdangarin, Piztiak, TTLT, Bide ertzean, Sagarroi eta beste.
The Balde aldizkarian literatur kontuetaz arduratzen da. Arabierazko idazle, aborigen, AEBetako eta Afrika hegoaldeko idazleen testuak itzuli ditu bertan.
Itzultzaile lanetan Raymond Carver, Silvia Plath, Anne Sexton, Manuel Rivas eta Wislawa Szymborskaren poemak euskaratu ditu, besteak beste.
Bar Puerto. Bazterreko ahotsak kultur ikuskariaren sortzailea da, Mikel Urdangarin eta Josu Eizagirreren laguntzaz, eta Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen Kukubiltxo antzerki-taldearen lanaren gidoiaren egile.
Espainiako Kritika saria jaso zuen 2002an Bitartean heldu eskutik poesia lanarekin, eta 2009an Sari nazionala Bilbao-New York-Bilbao eleberriarekin.
"Niri bilatzea gustatzen zait, itsasoan ibiltzea. Kontua, begirada propioa izatea da. Nik uste, denok dugula begirada propioa. Txuma Murugarrenek esan zidan literaturan inportanteena begirada dela, ikuspegi propioa izatea. Guk biok gauza bera ikus dezakegu, baina idazten hasiz gero, desberdin idatziko genuke, seguru. Horixe da kontua: nork bere ikuspegi propioa izatea, munduaren kezkei buruz gogoeta artistikoa egiteko. Horixe da poesia. Gogoan dut Lobo Antunesek ere berealdiko inportantzia ematen ziola horri: "norberak beste inork ez du norberaren ahotsa, eta ahots hori ona da, bakarra delako"", hitz hauekin definitu du bere poesia.