Bilbo, 1971.
Sei urterekin hasi zen lehenengo testutxoak idazten eta ingurukoei nagusitan idazlea izango zela esaten. Ume xelebrea omen zen. Orduan, ordea, erdaraz egiten zuen, bere buruari euskaldun oso bilakatzeko prozesu serioa 19 urte izan artean ez baitzuen hasi.
Unibertsitate garaian klaseko asperdurari ihes egiteko olerkiak idazteari ekin zion, momentuz poesiarako bidea nahikoa utzita badu ere.
Artikulu zein ipuinen batzuk argitaratu ditu han-hemenka, baina Hamaika ispilu ganbil argitaratzeak eta urte berean VI. Igartza beka eskuratu izanak, idazketa serioski hartzera bultzatu zuten.
Igartza bekaren emaitza Karonte eleberria izan zen, Elkar argitaletxearen eskutik argitaratua. Abenturazko eleberria, zinema eta komikiaren generoak jorratzen ditu lan honetan.
2007an Mozorroaren xarma eleberria argitaratu zuen, Erein argitaletxearen bitartez. Eleberri honetan alde surrealista eta karikaturatik gertukoagoa landu du.
Egun Txilen bizi da.