Lasarte-Oria, 1975.
Zuzenbidean lizentziaduna (EHU), Lubaki Banda literatur taldeko sortzaileetako bat izan zen 1993an. Euskal Herriko hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain, irrati eta telebistako gidoigile gisa ere lan egiten du.
Ipuinak idazten zituen batez ere, baina Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma, Bernardo Atxagaren Etiopia eta Sarrionandiaren poesia irakurrita, ate berriak ireki zitzaizkion eta poesian murgildu zen buru belarri. Poemario bat osatu zuen eta argitaletxez argitaletxeko peregrinazioa ez zen makala izan.
Hemezortzi urte zituen eta denek hartu zuten oso hitz onekin, baina Susakoak izan ziren esan ziotenak: "poema liburu hau ez diagu argitaratuko, baina egin ezak bat hobea eta hori aterako diagu". Kea behelainopean bezala idatzi zuen orduan, eta argitaratu egin zuten. "Susakoek erakutsitako konfiantzak ere badu zerikusirik, ziur aski, idazten jarraitzearekin", adierazten du.
Idazle deslekutuak interesatzen zaizkio. Arrazoia edozein dela ere, beren jaioterritik alde egin eta beste nonbait beren lekua bilatu behar izan dutenek badute halako ironia mingots eta indartsu bat, eskizofrenia eta disgresio puntu erakargarri bat, Harkaitzen ustetan.
Literatur kritikarien arreta merezi izan du bere sorkuntza lanak: Norbait dabil sute-eskaileran, Alonso Egiguren, Aizu!, 2002-04; Telefono kaiolatua, Aingeru Epaltza, Nabarra, 2002-11; Norbait dabil sute-eskaileran, Lander Garro, Branka, 2003-05 , Dardaren interpretazioa, Felipe Juaristi, El Diario Vasco, 2004-02-20; liburuen gaineko iruzkin guztien artean, plazaratu diren azkenen aukeraketa kronologikoa.
Neguko zirkua (Susa) ipuin bilduma argitaratu zuen 2005ean. Ipuin bildumaren izenburuaren jatorrian Parisko Cirque d'Hiver dago. Jose Teixidorren aurkako borroka irabazi zuen han Paulino Uzkudun errezildar boxeolariak, 1924an. Canok zirkuaren inguruan dituen oroitzapen pertsonalek sortu dituzte, neurri handi batean, bilduma honetako 19 ipuinak.
Euskadi saria jaso zuen Belarraren ahoa lanari esker, 2005ean.