Bergara, 1950.
Filosofia eta Euskal filologiako ikasketak ditu. Ikastoletan ibili zen lehenengo, eta Bergarako UNEDen gero. Unibertsitate honetako Euskara Departamentuan jardun zuen 1976tik 1996ra, itxi zuten arte.
Goenkale telebista programarako gidoiak sortzen hasi zen 2000. urtean eta Txalaparta argitaletxeak kaleratzen duen Literotura liburu erotikoen bildumako zuzendaria da. Bilduma honetan bertan plazaratu ditu Krabelina Beltza eleberria eta euskarazko testu erotikoen antologia bat, Euskal lizunkeriaren antologia. Balbemendi telesailean gidoilari lanetan jardun du.
Haur literatura idatzi du: Pernando Plaentziarra, Marea bizirik zozomikoetan, besteak beste. Nagusientzako bi bidaia-liburu sortu ditu: Alpeen itzalpean eta Kuba triste dago eta, honezaz gainera, ipuingintzan ere jardun izan du.
Literaturatik at, Bergarako euskararen hiztegia eta itzulpenak egin ditu. Eta talde lanean eginak: EGA prestatzeko bi liburu eta Bergarako euskarari buruzko ikerketa bat. Honetaz gain, Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak proiektu etnografiko-dialektologiaren zuzendaria da, lau liburu guztira.
2001etik 2005era, Aralar alderdiaren Gipuzkoako koordinatzailea izan da.