Azken urteetan abiatutako bideari jarraiki, EIEk Literatur Jarduerak programa paratu du 2009. urterako. Programa honen bitartez idazleen eta irakurleen arteko harreman hurbilagoa bultzatzen dihardugu, eta Udal erakunde, liburutegi, kultur elkarte, euskaltegi, irakurle txoko eta gure literatura bultzatu nahi duten erakunde orori eskaintzen diogu, zuetako askok ondo ezagutzen duzuenez.
Literatur Jarduerak programa batez ere irakurle helduen eta gazteen premiak asetzeko sortu zen, haur eta gaztetxoentzat Idazleak Ikastetxean programa arrakastatsua hasi zelako aspaldian lan hori betetzen. Hala ere, programa hau adin guztientzat da baliagarri; izan heldu, edota haur edo gazte.
Euskal literatura suspertu nahian bazabiltza, antolaketan lagunduko dizun egtasmoa duzu honakoa. Jarduera motak aurkeztuz, gomendioak emanez, idazleekin harremanetan jartzeko bidea emanez eta diruz lagunduz nahi du EIEk idazleen lana ezagutzera eman.
Literatura jardueren bitartez, idazleak berak plazaratzen du literatura kalera. Zuzen-zuzenean. Idazlea eta irakurlea jarri nahi ditugu harremanetan. Literatura letretan, orrietan, liburuetan bizi den kontu bat dugu; baina bidaiak egiten ditu hara eta hona, nahi duen orori egonaldi ederrak eskainiz. Elkargune goxoa sortu dezake eta ez du sartzeko baldintzarik jartzen.
Ikus ezazu zer den zehazki EIEk eskaintzen duena.